Araba

Orografiaren eta paisaia nahiz klima aniztasunaren eraginez, Arabak izaera berezia eta apartekoa dauka. Euskadiko hego-mendebaldean kokaturik dago, Bizkaiari eta Gipuzkoari bizkarra emanez, eta Euskal Autonomia Erkidegoa osatzen duten lurraldeetariko bat da; berak dauka azalerarik handiena (3.037 km2) eta biztanle kopururik txikiena (301.848 biztanle).

 

Araba, kontrastez beteriko lurra

Araba hiru mendikatek zeharkatzen dute ekialdetik mendebaldera. Iparralderen kokaturik daudenek Arabaren eta Gipuzkoako nahiz Bizkaiko haran atlantikoen arteko mugak ezartzen dituzte; bertan, pinudiz zein pagadiz, baserriz eta behiz beteriko haran berdeak daude.

Iparraldeko mendilerro horien eta lurraldearen erdiko zona zeharkatzen duen bigarren mendilerro baten artean, lautada handia dago, Arabako Lautada izenekoa, eta hori hegoaldeko lautadetarako trantsizioko lurra da. Hegoalderago, Kantabria mendilerroa Arabako Errioxako ibarretan sartzeko azken oztopo naturala da; Arabako Errioxa Ebroren haraneraino hedatzen den mahastiz beteriko lurra da, eta bertako paisaiak Gaztelako mesetakoaren antz handia dauka.

 

Klima aniztasuna

Aniztasun orografikoa eta biologikoa klima aniztasunarekin lotuta dago. Horrela, Arabako iparraldeko zerrendan eguraldia hezea eta leuna da, euri ugarikoa (klima ozeanikoa); barrualdean, berriz, neguak hotzak eta izozte gogorrekoak dira. Hegoaldeko lurretan, aldiz, klima kontinental lehorra dago, eta tenperaturak muturrekoagoak dira. Arabako Lautada klimaren aldetik ere trantsizioko lurra da, eta negu hotzak ditu.

 

Enklabe naturalak

Arabako erakarpen naturalen artean, aipagarriak dira Uribarriko eta Urrunagako urtegiak. Ura Gasteizera eta Bilbora eramateko sorturiko laku artifizial hauek EAEko hezegune nagusiak eta astialdirako berebiziko eremuak dira.

Paisaia kalitate handiaren adierazleen artean, aipatzekoak dira Valderejo, Entzia edo Izki, Laguardiako aintzirak, Gesaltza Añana (mailakaturiko terrazekin) eta Arabak beste bi lurraldeekin partekatzen dituen hiru parke naturalak: Gorbeia, Urkiola eta Aizkorri. Zerrenda horretan Aramaioko harana ere sar daiteke, mendi artean barreiaturiko baserri bikainak dituena; “Euskadiko Suitza” edo Zuia esaten diote, eta Gasteizetik hurbil eta Gorbeiako mendigune zoragarriaren babesean dago (natura, mendi eta landa inguru ikusgarria).

Goizalde Eskaut Taldea